Ikastaroaren edukia

  • Informazio orokorra


    Azterketa digitaleko tresna honek erabiltzaileek gure webguneko edukia nola ikusten eta jasotzen duten jakiteko informazio esanguratsua eskaintzen digu.
    Ikastaro honetan, Google Analytics nola instalatzen den eta atera ditzakegun adierazle eta metrika guztiak nola interpretatzen diren (bisita kopurua, bisiten iraupen-denbora, bisitatutako webguneak, webgunera nola iritsi ziren, erabilitako gailuak, erreboteko ehunekoa, zer gustatzen zaien eta zer ez…) azalduko dugu. Gero, datu horiek informazio baliotsu bihurtzeko eta, hala, bisitatzen gaituenean erabiltzailearen esperientzia eta edukia hobetzeko erabili ahal izango ditugu.

    • GOOGLE ANALYTICS: SARRERA

      Webguneetako jarduera neurtzeko eta aztertzeko tresna da Google Analytics. Google enpresarena da, eta 2005az geroztik dago martxan. Webgunera sartzen diren erabiltzaile mota ezberdinen inguruko informazioa lortzeko balio du, baita erabiltzaile horien ezaugarri batzuk ezagutzeko ere.

      Erabiltzaileek webgunean izaten dituzten elkarrekintzak eta jokaerak ezagutzeko aukera ere eskaintzen du. Gainera, erabiltzaileen ezaugarriei buruzko datuak lortzeko aukera ematen du, baita webgunearen barruan egiten diren bihurketen jarraipena egitekoa ere.

      Hainbat tresna erabiltzen dira informazioa eskaintzeko, adibidez, txostenak. Grafikoen, taulen eta abarren bidez azaltzen dira datuak txostenetan. Erabilera askoko tresna da, eta balio handiko informazioa lortzeko aukera ematen die, bai esperientziarik gabeko erabiltzaileei, baita analitika digitalean adituak direnei ere.

      Webguneak aztertzeko tresna estandarra bihurtu da, batez ere, duen ospeagatik, eta bere bertsiorik ezagunena erabiltzailearentzat guztiz doakoa delako. Marketin digitalaren sektoreko profesionalek gehien erabiltzen duten tresnetako bat da. Izan ere, eskaintzen dituen datuek eta txostenek ospea eta errespetua dituzte sektorean.

      Google Analytics tresnari esker, honelako galderei erantzuteko gai izango gara:

      • Zenbat bisitari jasotzen ditu nire orrialdeak?
      • Nondik datoz bisitari horiek?
      • Zeintzuk dira bisitari gehien ekartzen dizkidaten sare sozialak?
      • Zeintzuk dira nire webgunera iristeko erabiltzaileek bilatzailean idazten dituzten hitzak?
      • Zein orrialdek erakartzen dute bisitari gehien?
      • Zein orrialdek eragiten dute bisitari gehien galtzea?
      • Zeintzuk dira orrialderik eraginkorrenak, nire negozioaren helburuak lortzea ahalbidetzen didatenak?

      Hainbat txostenen bidez erantzuten zaie galdera horiei guztiei. Xehetasunez azalduak, intuitiboak, bisualak eta erraz irakurtzeko modukoak izaten dira txostenak. Google Analytics erabiltzeak ez dio eragiten webgunearen funtzionamenduari, ezta itxurari ere.

      Tresna ezagutzeko gida modura lagunduko dizu eskuliburu honek. Dena den, informazio zabalagoa behar izanez gero, Google Analytics-en laguntza-zentrora jotzea gomendatzen dizugu:

      Laguntza Zentroa


    • GOOGLE ANALYTICSEN INTERFAZEA

    • GOOGLE ANALYTICSEN TXOSTENAK

    • GLOSARIOA

      Jarraian, Google Analyticsen ohikoenak diren terminoetako batzuk bildu ditugu, irakurlea hitz horietara ohitzen joan dadin.

      • Erabiltzaileak: webgune batera sartzen diren pertsonak dira erabiltzaileak.  Erabiltzaile edo pertsona berak, saio (bisita) bat baino gehiago egin ditzake.
      • Saioak: denbora tarte jakin batean webgune batean erregistratzen diren bisitak dira.
      • Bisita kopurua orrialdeetara: erabiltzaileak webgunera egindako saio edo bisitetan zenbat orrialdetara sartu diren adierazten du.
      • Saio kopurua erabiltzaileko: denbora tarte jakin batean erabiltzaile batek egiten duen saio kopurua da.
      • Orrialdeak/saioak: saio bakoitzean bisitatzen diren orrialdeen batezbestekoa adierazten du.
      • Errebote-portzentajea: elkarrekintzarik egin gabe orrialde batetik ateratzen diren saioen portzentajea da.
      • Trafiko organikoa: Google, Bing edo beste bilatzaile batzuetatik webgune batera iristen den trafikoa da.
      • Trafiko Soziala: webgune batera sare sozialetatik iristen den trafikoa da.
      • Erreferentzia-trafikoa: webgune batera beste webgune batzuetatik irsiten den trafikoa da, link edo esteken bidez.
      • Trafiko Zuzena: erabiltzaileek webgune baten URLa zuzenean nabigatzailean idazten dutenean edo laster-marka batean dutenean sortzen den trafikoa da.
      • Segmentuak: datuen azpimultzoak dira, normalean erabiltzaileei aplikatzen zaizkienak. Adibidez, webgune batean “Erabiltzaile guztiak” segmentuak duen jokaera azter dezaket, edo beste segmentu bat sortu, “Toledoko erabiltzaileak” izenarekin, eta soilik erabiltzaile horien jokaera aztertu.
      • Dimentsioa: Google Analyticsen, izaki bat deskribatzen duen eta neur daitekeen kontzeptu bati egiten dio erreferentzia; adibidez, pertsona baten pisua.
      • Balioa: dimentsio baten zenbakizko kuantifikazioa da balioa. Adibidearekin jarraituz, pertsona baten pisua 80 kg izan daiteke.
      • Metrika: dimentsio baten balioekin egindako eragiketa da; adibidez, euskaldunen batezbesteko pisua.