INKESTAK

1. Inkestak

Bezeroekin harremanak izateko beste modu bat da inkesta bidezkoa. Inkesta oso tresna erabilgarria dira; izan ere, ekitaldi, hitzaldi, bilera eta abaretako emaitzak eta parte-hartzaileengan sortu zuen inpaktua neurtzeko eta, hala, etorkizunean hobetzeko baliagarria izan daiteke.

Kontuan izan behar da zenbat eta laburragoa izan, orduan eta parte-hartzaile gehiagok beteko duela. Galdera gutxi (5 izaten da kopuru egokia), baina esanguratsuak egitea komeni da gero emaitzak ebaluatu ahal izateko.

Hauek dira azpimarra daitezkeen arloak: jarduerak, konferentziak, hizlariak, tokia eta logistikarekin lotutako guztia (izen-ematea, akreditazioa, garraioa, denboren erabilera eta abar).

Hauek izan daitezke balorazioak: bikaina, oso ona, ona, halamoduzkoa, txarra, edo sail bakoitzaren inguruan puntuak emanez erantzuteko aukera (1etik 10era bitartean). Galdera mota horiei esker, datuak jaso ondoren, modu eragingarriagoan egin ahal izango dugu neurketa.

Garrantzitsua da bukaeran iruzkinak eta egin nahi den edozein ohar idazteko eremu bat zuriz uztea; izan ere, ebaluazio kualitatiboaren bidez, inkesta orokorrean jaso ez zenuen eta parte-hartzaileren batek partekatu nahi duen alderdirik baden jakin ahal izango dugu.

Inkesta betetzen dutenek beren izen-abizenak zehaztea derrigorrezkoa den ala ez hautatu ahal izango dugu, baina, gehienetan, anonimotasunari esker, inkesta betetzen dutenak zintzoagoak izaten dira.

Garrantzitsua da inkesta guztiak bidaltzeko epemuga ezartzea eta, hala, gero informazioa prozesatu ahal izatea.